Jakingarriak

URDAZUBI (Alt 92m, 330 biztanle) Ingurune pribilegiatu batean kokatua, NAFARROAKO Erresumaren atarian, URDAZUBI (euskaraz: Ura eta Zubi) historia eta kulturaz beteriko tokia da, eta San Salvador monasterioak eta bere klaustroak leku nabarmena dute herrian. Azpimarratzekoak dira, halaber, «indianoek» eraikitako armarriak dituzten egoitzak eta Pedro Aguerre «Axular» idazlearen jaiotetxea. URDAZUBI Done Jakue bidearen zati nagusia da Baztango ibarrean.
Goizean goiz, abiatuko gara San Salvador Monasterioko kanpai-hotsekin herri osoan eta inguruetan durundi eginez, esnatuz menturaz oino lotan dauden beilariak, Monasterioko atzealdean, zubi bat zeharkatuko dugu; eta Baztango Konpostelako bidea eskuinetara utzita, 50 metroko bide bati jarraituko diogu, eta Telleria auzora eramango gaituen beste bide bat hartuko dugu.
Behin NA-121-B errepidea zeharkatuta, abiapuntuan pistak behera egiten du eta gero gora, Errekako Malda auzora eramango gaitu. Handik, eskuinera, lehen bidegurutzea hartuko dugu, eta gero, 200 metro aurrerago, pista hori utzi eta ezkerrera joko dugu eremu garbi batean, pista belartsu bat hartuz, eta iratzeleku batetik gora jarraituko dugu. Berriz aterako gara beti gora doan pista batera (200 m-tik 300 m-ra), zati horizontal batera eramango gaitu. Handik 200 m-tara, ezkerretara belardi edo pentze hetsi ederraren heinera iritsiko gara, eta, eskuinetara, bidexka harritsu bat ikusiko dugu oteen artean gora, askoz ere gailur zabal batera iristeko, eta handik Larrun mendia, kostaldea eta baita ozeanoa ere ezagutzeko aukera izango dugu.
Gailur zabal horretatik, Otsondotik datorren pista nagusira iritsiko gara (Alt.680m, 5,5 km). Lizartzuko gailurraren oinean gaude (Alt 793m). Pista horrek iparralderantz Gorospil Leporaino eramango gaitu (Alt.622m, 6,7km), errazki ikusten dugun mugarriraino jautsiko gara eta GR 10aren balizarekin bat egingo dugu. Pista hau utzi eta « Col des Veaux » izeneko lepoa arte bide asfaltatuarekin bat egingo duen bidexkari jarraituko diogu.
Jarrai dezagun Mehatseko leporaino igotzen den GR10 bidexkatik. Artzamendi, gure ibilaldiko mendi mitikoa, gure aurrean dugu. Menditipiko Bizkarretik bere tontorrera iritsiko gara (Alt.924m, 10,5km).
Jausteko, balizarik ez, zementuzko pareta bat zeharkatuko dugu radar bolaren azpian, eta iparralderantz, zurezko piketeei arretaz segituz, jauste aldapatsu bati ekingo diogu Kanboxokoko bordatik pasatuz eta Malda tontorraren azpitik Harriburuko leporaino (Alt.510m, 13,2km). Bidexkatik behera joango gara harri lauza handi batzuen artean, lepo belartsu batera heltzeko, eta iparralderantz bidexka maldatsu bati jarraituz, ehun urtetik gorako haritzen azpitik pasatuz, ardetigi bat ikusiko dugu hondatua, eta haren ondokoa, lauzez estali teilatuarekin. Bidexka bihurgunetsua Xaraitoko bidean barna badoa, ondotik segituko dugu eta Laxia zeharkatzen duen zubitik, Laxiako iturrien bide nagusitik Atekagaitz gunea arte.
Errobi ibaiaren bazterreko bide asfaltatuak Itsasuko eliza ondora eramanen gaitu (Alt 89m, 17km), hau ibilaldiaren muga izanki.

Galeria