Istoriorik handienak kasualitate txikienetatik sor daitezkeela erakusten digu Antzuola eta Aiherra herrien harremanak. Izan ere, Aihertar bikote batek Antzuolako beste bikote bat mendian ezagutu zuenean hasi baitzen bi herrien hartu-emana. Topaketa hau kasualitatea izan zen, baina bi bikoteak aspalditik zebiltzan Euskal Herriko beste lekuetako jendea ezagutu nahian.


39 urte iragan dira dagoeneko, zenbait aldaketa izan ditu bi herrien arteko harremanak, nahiz eta hasierako asmo eta helburuari eutsi zaion: Euskal Herriko bi herrik elkar ezagutu eta bertako jendeak harremanak sendotzea, hain zuzen ere.


Antzuola eta Aiherra herrien harremanaren lehen urteak bizi-biziak izan ziren. Urtero, Iparraldekoak Hegoaldera eta Hegoaldekoak Iparraldera mugitzen hasi giñen. Bazkariak egiten genituen, irteerak,kantaldiak… Urteroko hitzordu bilakatu zen bi herrietako biztanleontzat.


Baina aihertar eta antzuolar askoren harremana ez da mugatzen urteroko truke egun horretara. Urtean ere egunak adosten joan gara, han eta hemen, elkarrekin batzeko. Batzuk besteen etxera joaten gara, eta Nafarroaren Eguna, Freedom for Aiherra, Herri Urrats edo gisako ekitaldiak aprobetxatzen ditugu elkar ikusi eta harreman mota oro sendotzeko . Azken finean, harreman hori hasieratik oinarritzen baitzen bi herrietako jendearen adiskidetasunean, eta horrelaxe jarraitu du hamarkadak aurrera eginda ere.


Istorio honen abiapuntua mendian hasi zen, eta mugen gainetik, urtez urte, zubiak eraikiz joan gara. beti ere euskararen eskutik, herri bereko seme-alaba izatearen sentipenetik, eta elkarrekin egoteko gogoak bultzatuta. Horrek guztiak, herri bien artean dagoen muga zubi bihurtzera eraman gaitu.


Zubi-lanerako tresna berri bat duzu MUGAK ZUBI ibilbidea, Aiherra eta Antzuola eta Antzuola eta Aiherra oinez lotzen dituen ibilbidea. 3-6 orduko 12 etapatan banatu dugu guztira 204 kilometro osatu arte.
Iparraldearen eta Hegoaldearen artean auzolanean garatutako ibilbidea, Euskararen ibilbidea, Nazio izaera… Ibilbideak zeharkatzen duen Udalerri bakoitza ezagutzeko agertoki berri bat izatea nahi dugu, Udalerri bakoitzaren nortasuna, bazter eta txokoak, kultura, ohiturak, zerbitzuak eta abar ibiltarien aurrean jarriko dituena.


MUGAK ZUBI ibilbidea duzu hau ibiltari, goxotasunez eta maitasunez eraiki dugun proiektua. Euskal Herriko paisaia eta jende zoragarria ezagutzeko aukera emango dizuna. Zaindu ezazu ibilbideak zeharkatzen duen txoko bakoitza, Aiherrak eta Antzuolak geure artekoa maite eta zaintzen dugun bezainbeste.