Jakingarriak

Leitzan (490 m) hasten den 19’5 km-ko etapa honetan ibilbidearen zailtasuna nabarmen handitzen da. Etaparik menditsuenak izatera, bideak malkarragoak dira, baina natur ikuspegi ederrenak ere bertan aurkituko ditugu. Herria iparralderantza zeharkatu ostean, Leitzarango bide-berdearekin topo egingo dugu. Bertan, iturri bat dago etapa hasierako ur aprobisionamentua egiteko aukera izango dugularik. Natur-ibilbidea zeharkatu baino ez dugu egin beharko, bideak baserri-auzo batean gora sartuko gaitu eta. Baserri eta errekasto artean, larrez inguratuta eta noizbehinka bordaren bat topatuz, inguru zinez ederrean ibiliko gara. Hala ere, kontuz txakurrekin zati honetan.

Altuera pixka bat hartu orduko pagadi ilunetan sartuko gara berehala, Gurpegiko aparkalekura iritsi baino lehen Leitzalarrea erreka igaroz. Aparkalekutik ipar aldera eta goraka ateratzen den mendi bideari jarraitu beharko diogu jarraian, Urepel medi-gailurrera (1059 m) iristeko. Bertatik, altuerarik ia galdu gabe, manedikateari segika munio biribiletan gainez-gain ibili beharko gara Mandoegi (1046 m), Baratzarreta (956 m) eta Leuneta (889 m) tontorrak zapalduz. Mandoegitik ikuspegia ikaragarri zabala da Nafarroa atlantikoko sektore osora, eta Donostia hiria ere argi eta garbi ikusiko dugu egun garbietan.

Zati honek, zalantzarik gabe ibilbide osoko ikuspegirik ederrenetako bat eskaintzen digu, ezker-eskuin pagadi zaharrez inguratutako magal orlegi artean hegan joango baikara. Medebaldean Gipuzkoa eta ekialdean Nafarroa, muga gainean ibiliko gara tarte on batean Leuneta gainera iritsi arte. Aiako Harriak, Pirinio elurtuak eta Txindoki ikus daitezke sarritan. Adarra-Mandoegi mendilerroa marka hori-urdinei segika egingo dugu. Ibilbidearen zati honetan, Pirinio osoko tumulu kontzentraziorik handienaz eta harrespil politenez gozatu ahal izango dugu, lehen mailako multzo megalitiko bat baita.

Mandoegitik ere zuzenean Goizueta udalerrira jasteko modua egon badagoen arren, bidea zatitxo batean oso estua, harritsua eta bustitan oso labainkorra da. Erosoago ibili nahi badugu, Leunetaraino joateak merezi du, eta bertatik ekialdera jaisten den bideari jarraituz Lakendiko eta Ontzorrozko muinoak igaroz herriraino jaitsi.

Goizuetara iritsita leitzaldean aurkitzen gara oraindik, Urumea ibaiaren bi alboetara aurkitzen den herrian. Oso zaindutako eraikin zaharrez osaturiko herri polit honek, harrizko zubi eder bat dauka erdialdean eta haren ondoan Zubimuxu aterpetxea dago. Taberna eta bestelako zerbitzuak ere badira.

Galeria