Jakingarriak

Ibilbideari dagokionez, zailtasun handirik gabeko etapa da hau. Legazpiko Euskal Herria Plazatik abiatuko gara, hego mendebalderantz, herriko zeharbidea eta trenbidea azpitik igarotzen dituen pasabidera arte. Hori pasatu bezain pronto, eskumara hartuko dugu, trenbidearen ondotik doan bidezidor batean aurrera.
Etxola batzuk atzean utzi, eta ezkerrera hartuko dugu, zigi-zaga pinadia zeharkatuz. Aldapa piko samarra dago hemen, ibilbideko malkartsuena, baina laburra da. Pinaditik irteterakoan Legazpitik Atagoitiko errepidearekin egingo dugu topo. Errepidean jarraituko dugu, goraka baina aldapa leunean, kilometro pasatxo.
Atagoiti gainera iritsitakoan, bat.batean ekialderantzako norabidea hartuko dugu, gaztaren bidezidorretik GR 283. Marka horrek ibilbidearen zatirik handienean lagunduko digunez, ibilbideak ez du aparteko zailtasunik. Goraka jarraituko dugu bi kilometro pasatxo, beti aldapa leunarekin. Bideak laster eramango gaitu Aztiri gainera. Han, iturria eta taberna ere badaude, ibilbidean geldialdi labur bat egin nahi duenarentzat.
Auzoko elkarte aurretik doan pistari jarraitu behar zaio segidan. Laster ibilbide osoko punturik gorenera ailegatuko gara, eta handik aurrera, 5 kilometroko jaitsiera edukiko du Mutiloa arte, Tartean, errepidea ere gurutzatu beharko dugu, meatzeak ere ikusiko ditugu, baina gaztaren ibilbidea izango da erreferentzia.
Mutiloa ere toki ona da geldialditxoa egiteko, aterpea, ostatua eta iturria ere badituelako. Gainera, hortik irten eta segituan Zeraingo aldapa igo beharko dugu. Ez da aldapa luzea, kilometro eta erdi ditu, baina piko samarra da. Dena den, errege bideak erraz eramango gaitu Zeraina. Herri honek ere baditu zerbitzuak, etxe dotoreak eta inguruaren ikuspegi ederra eskaintzen du. Parez-pare Segura bera, etapa honetako helmuga, ikusiko dugu. Jaitsierak ez du galerarik, Segurara begira jarri eta bertarantz jo. Kilometro pasatxo eginda, Segurako plazan egongo gara. Kitto gaurkoa !!

Galeria