Jakingarriak

Eskuartean duzun 17,8 km-ko luzeera duen etapa hau izango da ziurrenik ibilbideko zatirik basatiena, menditsuena eta galtzeko errazena. Aldi berean, baina, natur edertasun eta baso amaigabeen goitiko ikuspegi ireki handiena duena ere bai. Aurreko etaparen bigarren zatiaren gisara, oraingoaren ere Pirinio osoko tumulu kontzentraziorik handienaz eta harrespil politenez gozatu ahal izango dugu, lehen mailako multzo megalitiko baten erdian aurkitzen gara eta.

Goizueta erdigunetik abiatuta ekialdera ateratzen den bide-zidorrean gora ekingo diogu eguna hasteko. Baserri auzoetan zehar, tarteka errepide eta tarteka bide-aitzur pixkanaka altuera hartuz joango gara Aitasemegiko gaina (415 m) hartu arte. Hortik aurrera ere, malda gogorrak igotzen jarraitu beharko dugu, hainbat tontorren segidari heldu aurretik. Arramaltako kaskoa (845 m) lehena, eta ondoren segidan eta altuera mantenduz Amamotzeko kaskoa (946 m), Urkin, Ardatzipurdi, Putzuetako gaina (993 m), Loitzate (1048 m), Arainburu (1054 m) eta, azkena, Domizko gaina (1039 m).

Behin domizko gaina erdietsita, ipar-ekialdera Negusoro gainera jaitsi (850 m) eta Arantza herrira beherako bidea hartuko dugu. Aietza baserri auzoan sartzean errepidez egin beharko dugu tarte bat, nahiz eta berriz ere bidezidor atseginagorik baden herrira sartu aurreko tartea egiteko. Azkenik, Arantza, Bortzirietako herri txikietako batera iritsiko gara. Izenak adierazten duen bezala, bost herrik osatzen duten eskualdekoa da: Etxalar, Bera, Lesaka, Igantzi eta Arantza. Herri txiki bezain polit honek nahi beste taberna, jatetxe eta lo-leku ditu.

Galeria