Antzuolatik Aiherrara > 10. Etapa
Etxalar-Urdazubi (18km)
- Distantzia: 18 km
- Desnibel positiboa: 600 m
- Desnibel negatiboa: 600 m
- Gehieneko garaiera: 609 m
- Gutxieneko garaiera: 100 m
- Zailtasun maila: Zaila
- Denbora: 05:45
Jakingarriak
ETXALAR herria (Alt 92m, 830 biztanle 2022ean) Nafarroako Foru Komunitatearen parte da. Bortzirietako ibarrean kokaturik dagoen eta, Tximista ibaiak eta honen ur zalapartatsuek zeharkatzen duten herri honek, ondare arkitektoniko nabarmena gorde du. Erdi Aroan eraikitako Gaztelu dorretxearen arkitektura ere halakoxea da, Nafarroako Erresumaren armarri gisa funtzionatzen zuena. Aspaldiko aktibitate bat: uso ehiza Lizarrietako lepoan
Promesaz beteriko goiz lanbrotsu batean, Lizarrietako lepora doan karrika nagusitik abiatuko gara (N 4000) 200 metrotan, eta justu Tximista ibaia zeharkatzen duen zubiaren ondotik, etxe eta balkoi loratuak dituen karrika bat hartuko dugu gure eskuinean, 300m inguruan, Antsolokueta auzoan. Gero, indar guziak engaiatuko ditugu GR 12 bide seinalatu baten segitzeko. Lakain Apezboron (Alt.268m, 2,5km), beti seinaleztatuta dagoen bidexka honek mugako gailurretik hurbil den Domikuzantzera eramango gaitu, eta Lakainlepe inguruan GR 11rekin bat egingo dugu. Ekialderantz bidexka honek Maritoneko Borda etxaldera eramango gaitu, eta Maitio Bidea pistatik, Oxobi inguruan, 3 mugarrietako lepora helduko gara (Alt.521 m, 8,2 km).
“XARETA” lurraldean sartuko gara. Mugaren bi aldeetako lau herri (Urdazubi, Zugarramurdi, Sara eta Ainhoa) biltzen dituen mugaz gaindiko elkartea da, 4 herri horien izenak grabatuta dituen harri edo eskultura ikaragarri baten bidez seinalatua.
Axuriaren oinean, ekialdera begira ehunka metroren buruan bidezidor bilakatuko den pista bat segituko dugu. Aurrera egiten ari garen bitartean, eskuinetara zohikaztegi babestuak eta larre eremu zabal bat ikusiko ditugu, eta gero Ibainetako lepora helduko gara (Alt.511m, 10,2 km). Beti Ekialderantz hartuz. bidezidor batek, ezkerretik Mendibil (Alt.619m) inguratuko du,eta, laster, Urbiako lepoa (Alt.435m, 11,5km) eta hor belar oparoa lasai larratzen duten zaldiak ikusiko ditugu.
Zugarramurdi-Oronoz Mugaire errepidea zeharkatu eta Loiareko lepora (Alt.441m, 13km) heldu ondoren, handik, oihan eta larre eremu berde hori guztia, Alkurruntz mendi gorena, eta Artzamendi eta Mondarraingo gailur urrunak ikusteko denbora hartuko dugu. Azkenik, Orabideko Erreka (maldan behera) pista zabal, itzaltsu eta pausagarri horri segiko diogu, non ibilkari batzuk gurutzatu beharko genituzkeen, hauek Azkar mendiaren gailurra egitera joanak, URDAZUBI herrira heltzeko (Alt.92m, 17,8km).
Salbuespen gisa, MUGAK ZUBIko ibilkariek, haien oinen bustitzeko baimena ukanen dute herria zeharkatzen duen ubidean edo errekan.