Jakingarriak

Ibilbideari dagokionez, zailtasun handirik gabeko etapa da hau. Segurako plaza nagusitik abiatuko gara, parez pare dagoen Zerain herrirantz hartuta. Segurako errepidea gurutzatu eta segituan hasiko gara igotzen Zerain aldera. Kilometro eta erdi pasa eta gero, Zerainen egongo gara.
Toki polita da, eraikin bitxiekin, iturria, taberna, eta buelta emanda Seguraren ikuspegi polita edukitzeko balkoia ere bai. Geldialdia egiteko goizegi da, baina presarik ez duenarentzat geratzeko moduko tokia.
Zerain pasa eta berehala, aintzinako errege bidea hartua, jaisten hasiko gara Mutiloarantzat. Beste kilometro eta erdi gutxi gorabehera. Mutilotik GI-4571 errepidetik irtengo gara, eta laster horren paretik doan bidezidorra hartuko dugu, meategietara eramango gaituena. Tarteka geratu eta meategi zaharren inguruko instalazioak eta informazioa ematen duten kartelak aurkituko ditugu.
Gutxi gorabehera lau kilometro beharko ditugu ibilbidearen puntu gorenera iristeko, Ergoiena auzora daraman errepidea gurutzatu arte. Hortik aurrera, gaztaren ibilbideari eutsiko diogu, eta bideak gehienbat beherantz egingo du. Aipatutako bidezidorrari jarraituz gero, lau kilometro eta erdi eginda Aztiria auzoan egongo gara, ibilbideko azken txanpari ekin baino atseden apur bat hartu eta zintzurra bustitzeko aukerarekin.
Auzoa zeharkatu, errepide nagusia zeharkatu, eta berriro gaztaren ibilbideko markei jarraituko diegu. Bidezidor horrek laster Atagoitiko mendateraino eramango gaitu. Han, errepidea hartu ezkerrerantz eta kilometro eta erdi inguru ibili ondoren, pinadi batean eskumara hartuko dugu. Berehala Brinkola aldetik datorren trenbidearekin egingo dugu topo. Haren ondotik segi herrigunera segi eta trenbidea zein herriko zeharbidea igarota, berehala Legazpiko Euskal Herria plazan egongo gara, etaparen amaieran.

Galeria