Jakingarriak

Leitzaldean hasi eta bukatzen den etapa honek 14,4 km-ko luzera du. Abiapuntua, Leitza (668 m), eskualdeko udalerririk haundiena da, Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean kokatuta dagoena, Iruñeko merindadean. Herria utzita hegoaldera hasiko dugu etapa, baserri auzo ederretan zehar abiatuko dugularik eguna. Pixkanaka altitudea hartuz Guratz tontorra egitea izango da eguneko lehen erronka (956 m), igoeraren azken zatia pagadi zoragarrietan barna ibiliz.

Eguneko ibilbideko punturik altuena den Guratzen, ikuspegi bikainak irekitzen dira, magal guztietara hostoerorkor baso amaigabeak jaisten direlarik. Minutu batzuk hartuta, atseden leku paregabea izan daiteke Guratz arnasari buelta emateko. Bideari jarraituz, altuera jaitsiz joango gara eta pixkanaka hego-mendebalderantza bideratuko dugu pausoa. Halako batean, mendebaldera eramango gaituen pista edo Añaldeko bidea aurkituko dugu, probintzietako errege altxonbidea dena. Honi jarraiki, hasiera partean Añalde gailurra (854 m) eskuinaldera utziko dugu, eta aurrerago Leitzarango autobidera iritsiko gara, berau gurutzatu beharko dugularik horretarako prestatutako pasabide batetik.

Hegoaldera jarraituz, Malkorraundi (850 m) izeneko muinora igoko gara, Santa Barbara ermita bisitatuz, garai batean Gorritiko gaztelua izan zenaren hondarretatik berreraikitako baseliza. Bertatik, Gorriti herriaren eta atzera utzitako autobidearen ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera izango dugu. Alternatiba gisara, mendebalderagotik doan bideizidor bat ere hartu daiteke, baso malkartsuan barna eta muinoa inguratuz. Jaitsiera hasi orduko pago lepamotz artean murgilduko gara, tarteka ikuspegia argitzen duten larreak ere baduten arren lekua, Gorriti (688 m) herritik aldenduko gaituen bide honek gehiengoa basoa du. 550 m inguruko jaitsiera egin beharko dugu tarte honetan, Malkorraundi atzera utzi eta Arribe herrira iristeko. Arribeko Mikel deunaren erdi aroko eliza ederraren parera iritsi orduko, ezker aldera ateratzen den bidea hartuko dugu, lur bide batean zehar abiatu eta berehala harrizko eserleku sendo eta iturri eder bat aurkituko ditugularik beronen sarreran. Atseden leku bikaina izan daiteke bidea amaitu aurretik indarberritzeko.

Etapa amaitzeko Araxes ibaiaren urei kontrara, hegoaldera abiatuko dugu pausoa, errekaren eskubiko aldetik. Erdigunera iritsi aurretik Azkonegi jauregiaren inguruan amaitzen den bidean joango gara. Azkenik, Betelu (240m) izeneko herrira iritsiko gara. Nafarroa ipar-mendealdean kokaturik, hegoalden Aralar mendilerroa du mugakide natural Beteluk, eta eguraldia lagun izanda, ondo baino hobeto ikusi ahal izango dituzu bertatik hurengo etapan hurbiletik ikustekoak diren aralarko Mallo ikusgarriak. 150 urtez hiri termala izan zen Betelu, 1818 eta 1965 artean irekita egon zen bainuetxera ur sendagarriak hartzeko etortzen zen edonorentzat prestatua, errekuperaziorako eta atseden hartzeko toki egoki. Egun ur fabrika dagoen toki berean aurkitzen zen.

Galeria