Jakingarriak

Legazpìko plaza nagusitik irten eta Oñatiranzko norabidea hartuko dugu. Fultbol-zelaira iritsi baino lehen, eskumarantz hartu eta poliki-poliki gorantz hasiko gara, hasieran errepidetik, baina segituan mendi-pista batean sartuko gara. Ipar-mendebaldeko norantzan egingo dugu aurrera, beti gorantz, ia hiru kilometroz. Baso pista dezente gurutzatuko ditugun arren, beti aipatutako norantzari jarraituta, bidea ez du galerarik.
Hiru kilometro igo ondoren, gailurrean egongo gara, Legazpiko antenan 935 metroko altuera. Hortik iparrerantz hartuta, apur bat beherantz egiten duen joanaldi bat izango dugu, gutxi gorabehera hiru kilometroz, Arrola mendiko tontorrera iritsi arte. Horrela, ibilbideko zatirik gogorrera osatua izango dugu. Ahaleginak merezi du 904 metroko altuera duen mendi honetatik, Antzuolako altuena, bista ederraz goza daitekeelako eguraldiak laguntzen badu. Tontorretik gertu, 50 metro ingurura, Irikortako iturria dago. Harritzekoa da hor goian urte osoan agortzen ez den iturria egotea, inguruan ez baitago mendi alturik. Auskalo nondik datorren ur hori! Datorren tokitik datorrela, kantinplorak ur fresko freskoarekin betetzeko aukera bikaina izango dugu.
Arrolatik berriro atzera egin, eta Korosora daraman pista hartuko dugu. Laster izango gara Koroson. Behin Korosora iritsita, eskuman aurkituko dugun bidezidorra hartu eta laster bason sartuko gara, beti beheraka eta ipar alderako norabidearekin. Bost kilometro baino gutxiago izango dira hortik Antzuolara arteko bidea, hiru bat basoan zehar eta azken biak asfaltatutako bidean. Urruti samarretik ikusten den elizako kanpandorreak jarriko gaitu Herriko Plazan.

Galeria