Jakingarriak

Goizuetatik abiatuko dugun etapa hau leitzaldean hasi eta amaitzen da, 19.5 km-ko luzera duen ibilbide hau ere zailtasun aldetik goraxeago dagoelarik aurrekoarekin batera. Etaparik menditsuenak izatera, bideak malkarragoak dira, baina natur ikuspegi eta basorik ederrenak ere bertan aurkituko ditugu. Abiapuntuan, Goizueta urumea ibaiaren bi alboetara aurkitzen den herri xumea da, oso zaindutako eraikin zaharrez osaturiko herri polit honek, harrizko zubi eder bat dauka erdialdean eta haren ondoan Zubimuxu aterpetxea dago.

Ipar-mendebaldera bideratuko dugu gure pausoa hasteko, Alkasoaldeko baserri auzoan gora eginez Ontzorrozko eta Lakendiko muinoak igotzeko. Pixkanaka paisaia ireki eta larretsuan altitudea irabaziz goazela, hegoalderako noratza hartuz, Leuneta (889 m) tontorra zapalduko dugu. Hortik aurrera, altuerarik ia galdu gabe, maedikateari segika munio biribiletan gainez-gain ibili beharko gara Baratzarreta (956 m), Mandoegi (1046 m) eta Urepel (1059 m) tontorrak zapalduz. Mandoegitik ikuspegia ikaragarri zabala da Nafarroa atlantikoko sektore osora, eta Donostia hiria ere argi eta garbi ikusiko dugu egun garbietan.

Zati honek, zalantzarik gabe ibilbide osoko ikuspegirik ederrenetako bat eskaintzen digu, ezker-eskuin pagadi zaharrez inguratutako magal orlegi artean hegan joango baikara. Medebaldean Gipuzkoa eta ekialdean Nafarroa, muga gainean ibiliko gara tarte on batean Leuneta gainera iritsi arte. Aiako Harriak, Pirinio elurtuak eta Txindoki ikus daitezke sarritan. Adarra-Mandoegi mendilerroa marka hori-urdinei segika egingo dugu. Ibilbidearen zati honetan, Pirinio osoko tumulu kontzentraziorik handienaz eta harrespil politenez gozatu ahal izango dugu, lehen mailako multzo megalitiko bat baita.

Goizuetatik zuzenean Mandoegira igotzeko modua egon badagoen arren, bidea zatitxo batean oso estua, harritsua eta bustitan oso labainkorra da. Erosoago ibili nahi badugu, Leunetaraino joateak merezi du, eta bertatik pixkanaka gainez gain joan bidea egiten.

Bideari hegoaldera segitzeko, Urepel gailurrean behera darraien mendi-bideari jarraituz Gurpegiko aparkalekuraino jaitsi beharko gara. Leitzalarrea erreka gurutzatu eta pagadi ilunetan barna jarraitu beharko diogu gure bideari, benetan bide zoragarria eta freskoa. Azken zatian, baserri eta errekasto artean, larrez inguratuta eta noizbehinka bordaren bat topatuz, inguru zinez ederrean ibiliko gara. Amaitzeko, Leitza herrira iparraldetik sartu aurretik, Leitzarango bide-berdearekin topo egingo dugu.

Leitza, Leitzaldea eskuladeko udalerririk haundiena da, baserri auzo ederretan zehar iritsiko garena. Herrigunean askotariko zerbitzuak aurkituko ditugu, lo egiteko lekuak, tabernak eta abar. Kontu izan, turismo tokia dela eta lo-lekua aurrez erreserbatua izatea komeni dela.

Galeria