Jakingarriak

Eskuartean duzun 17,8 km-ko luzeera duen etapa hau izango da ziurrenik ibilbideko zatirik basatiena, menditsuena eta galtzeko errazena. Aldi berean, baina, natur edertasun eta baso amaigabeen goitiko ikuspegi ireki handiena duena ere bai. Aurreko etaparen bigarren zatiaren gisara, oraingoaren ere Pirinio osoko tumulu kontzentraziorik handienaz eta harrespil politenez gozatu ahal izango dugu, lehen mailako multzo megalitiko baten erdian aurkitzen gara eta.

Abiapuntua den Arantza Bortzirietako herri bat da. Izenak adierazten duen bezala, bost herrik osatzen duten eskualdekoa: Etxalar, Bera, Lesaka, Igantzi eta Arantza. Herrigunetik hego mendebaldera abiatuta, Aietza baserri auzoan gora egin beharko ditugu lehen kilometroak. Tarteka errepidez, tarteka bidezidor atseginagoetan gora eginez, Negusoro gainera (850 m) igo arte. Hortik aurrera ere, malda gogorrak igotzen jarraitu beharko dugu, hainbat tontorren segidari heldu aurretik. Domizko gaina (1039 m) lehena, eta ondoren segidan eta altuera mantenduz Arainburu (1054 m), Loitzate (1048 m), Putzuetako gaina (993 m), Ardatzipurdi, Urkin, Amamotzako kaskoa (946 m) eta Arramaltako kaskoa (845 m) azkena.

Goizuetara hurbilduz, azken kaskotik jaitsi eta herrigunera ekialdetik sartu aurretik tarteka errepide eta tarteka bide-aitzur pixkanaka altuera galduz joango gara tartean Aitasemegiko gaina (415 m) ere pasa beharko dugularik. Baserri auzoetan zehar, tarteka errepide eta tarteka bide-aitzur pixkanaka behera eginez Goizuetara iritsi arte.

Goizueta urumea ibaiaren bi alboetara aurkitzen den herri xumea da, oso zaindutako eraikin zaharrez osaturiko herri polit honek, harrizko zubi eder bat dauka erdialdean eta haren ondoan Zubimuxu aterpetxea dago.

Galeria