Antzuolatik Aiherrara > 1. Etapa
Antzuola – Legazpi (12.6km)
- Distantzia: 12.6 km
- Desnibel positiboa: 740 m
- Desnibel negatiboa: 570 m
- Gehieneko garaiera: 919 m
- Gutxieneko garaiera: 240 m
- Zailtasun maila: Ertaina
- Denbora: 04:20
Jakingarriak
Lehen etapa hau Herriko Plazan hasiko dugu, denboratxo bat hartu eta merezi duen leku ederrean. Errekak zeharkatzen du erditik eta herriko Udaletxearen eraikina zein Errukizko Amaren eliza ere bertan daude.
Herrian gora abiatuko gara, Antiguako Ermitaraino iritsi arte.
Errepide Nagusia zeharkatu eta eta hego alderantz hartuko dugu, Iriarte Azpikoa baserria eta Goizper kooperatiba atzean utzita. Kilometro erdi ingurura, porlanezko pista utzi eta ezkerretara dagoen mendi-bide batetik aldapa tente bat igotzen hasiko gara. Oñati-bidea izenez ezagutzen da bidezidor hau. Hiru kilometro maldan gora egin ondoren, Korosoko lepora iritsiko gara.
Koroson, norabidez aldatu eta ekialderantz joko dugu. Etapa honetako malda gogorrenari egin beharko diogu aurre, Arrolako tontorrera iritsi arte. Hala ere, ahaleginak merezi du 904 metroko altuera duen mendi honetatik, Antzuolako altuena, bista ederraz goza daitekeelako eguraldiak laguntzen badu. Tontorretik gertu, 50 metro ingurura, Irikortako iturria dago. Harritzekoa da hor goian urte osoan agortzen ez den iturria egotea, inguruan ez baitago mendi alturik. Auskalo nondik datorren ur hori! Datorren tokitik datorrela, kantinplorak ur fresko freskoarekin betetzeko aukera bikaina izango dugu.
Arrolatik, hego-mendebalderantz joko dugu, zailtasun handi barik Arranoaitzeko (899 m.) tontorreraino. Arranoaitzen Antzuola, Legazpi eta Oñatik bat egiten dute. Mendikate honi jarraituz, Satui mendikatea, Oregi eta Jentiletxe tontorrak kateatuz, Gorostiagako gurutzera iritsiko gara. Erreferentzia moduan balio duen antena bat ere badago.
Hortik aurrera, Legazpi bistan dugula jaisten hasiko gara, ekialderantz hartuta. Legazpira San Martin auzotik sartuko gara, eta etapa amaitzeko Herriko Plazaraino iritsiko gara.